5m²: Bildotsne Arrizabalaga eta Fernando Iglesias

Zas Kulturrek urte honetako 5m²-ren bigarren edizioa aurkezten du, tailerra, lanerako espazioa, prozesu irekia eta eraikitzen ari den erakusketa uztartzen dituen praxi-formatu gisa. Bost metro koadroko estudioa hainbat astez erabiltzen da ekoizpen-gune gisa eta, aldi berean, bisitagarri den espazio modura, publikoak sormen-prozesuaren tarteko uneetara hurbildu ahal izan dezan, zalantzak, probak eta hartu beharreko erabakiak oraindik presente daudenean.

Bigarren aldi honetan, gertuko testuinguruko bi artista arituko dira: Fernando Iglesias eta Bildotsne Arrizabalaga. Iglesiasen lanean pintura eta instalazioa uztartzen dira, figurazioak eta kultura popularrarekin, rockaren iruditeriarekin eta hizkuntza bisual urbano jakin batzuekin duen loturak markatuta. Bere obrak askotan ikono ezagunen, azalen, sinbolo edo keinu batzuen abiapuntutik eraikitzen dira, horiek oihalera eta objektura eramanez, eta oroimen musikala, masa-kultura eta bizipen zatiak elkartzen dituzten eszenak sortuz. Bildotsnek, bestalde, marrazkitik abiatuta aztertzen du irudi figuratiboaren eta abstrakzioaren arteko trantsizioa, papera etengabeko bilaketa-leku gisa ulertuta. Bere lanetan gorputzak desitxuratzen dira, lerroak mugatik kanpo doaz eta formek amets-itxurako esparruetara hurbiltzen dira, emozioei, tarteko egoerei eta beti zuzen esaten ez den horri erreparatuz.

5m² programak prozesu horiek denbora errealean jarraitzea proposatzen du, probak, zuzenketak eta erabakiak Zas Kultur-era hurbiltzen diren pertsonekin partekatuz. Aldi honen aurkezpena azaroaren 20an, ostegunean, 19:30ean izango da Zas Kultur-en (San Antón plaza 2, Anglo auzoa, Gasteiz): 5m²-ren bi espazioei bisita egingo zaie, eta artistek euren abiapuntuak eta lan-esparru hau ulertzeko modua azalduko dituzte. Sarrera doan.

← Aurreko sarrera
Hurrengo sarrera →