Gerardo Armestoren «Cuatro figuras. La búsqueda del equilibrio. 1977-2022» – Bisita komentatua

Gerardo Armestoren «Cuatro figuras. La búsqueda del equilibrio. 1977-2022» – Bisita komentatua

Gerardo Armestoren «Cuatro figuras. La búsqueda del equilibrio. 1977-2022» erakusketaren bisita komentatua

2023ko otsailaren 16an, osteguna, 19:30ean

Zas Kulturren (San Anton plaza 2, Gasteiz)

Otsailaren 16an, osteguna, 19:30ean, Gerardo Armestok bere obra ezagutzera gonbidatzen gaitu, bere erakusketara bisita gidatu bat eginez, Zas Kulturren espazioan erakutsi dituen lanetan barrena. Artistak Zasen egindako erakusketaren xehetasun guztiak azalduko dizkigu, eta, hainbat proiekzioren bidez, seriea sortu aurreko eta amaierako prozesuak modu dokumentatuan aurkeztuko ditu. Interesa duen publikoak sortzailearekin hitz egin ahal izango du, Zasen artistek beraiek gidatutako bisitetan ohikoa den bezala.
Cuatro Figuras. La búsqueda del equilibrio. 1977-2022 izenburu luzeko erakusketa honek duela bost hamarkada jaiotako lan esperimentala biltzen du, Gerardo Sevillan Arte Ederretako ikasketak amaitzen ari zenean sortua. Orain, Zas Kulturren, proiektuari berriro heldu eta amaitu egiten du. Ondoriozta dezakegu artistak nolabait amaitu gabeko lan horrekin zuen zorra kitatzen duela, edo agian bere buruarekin zuena. Cuatro figuras lanaren atzean Gerardok 1977an Sevillan bizitako gertakari asaldagarriak jasotzen dituen kontakizuna dago. Eta, egiaz, kontakizun hori gabe erakusketa marrazki-erakustaldi huts gisa ager lekiguke.
Gerardo ikasle gazteak orduan J.L ezagutu zuen, Armesto bizi zen ikasleen etxebizitza partekatuan ibili ohi zen abokatua. Ez ziren lagunak; ezagun komunak zituzten, besterik gabe. Eta etxeak pintura-usaina zuenez, J.Lk bazekien Gerardo artista hasiberria zela.
Gau euritsu batean, goizeko hirurak inguruan, telefonoak jo zuen ikasleen etxean. Armesto logale altxatu zen ohetik. Erantzun egin zuen. Linearen beste aldean, J.L telefono-kabina batetik ari zitzaion, oso asaldatuta. Erretratua egiteko eskatu zion artistari. «Horman bermatuta eta telefonoa buruaren eta sorbaldaren artean eutsita, marrazki bat egin nuen, aldi berean esaten zituen gauza inkoherenteak idatziz. Elkarrizketatik ondorioztatu nuen mutil hura, mozkortuta baino gehiago, bere onetik aterata zegoela», kontatzen du Gerardok. Elkarrizketa eten egin zen, ziurrenik J.Lri txanponak amaitu zitzaizkiolako. Bizitako gertakariak ez zion artistari gau hartan begirik biltzen utzi.
Hurrengo egunean txirrinak jo zuen ikasleen etxean; artistak ireki zuen eta abokatua etxean sartu zen, blai, zentzugabekeriak oihukatuz. Agerikoa zen agerraldi psikotiko bat izaten ari zela. Gerardok zaindu eta amaren etxera eraman zuen. Artistak ez zuen abokatuarekin berriro harremanik izan. Baina esperientzia horrek, zoramenarekin izandako ustekabeko topaketa hark, arrasto ezabaezina utzi zuen Gerardoren memorian. Gertakariaren inguruko egunetan, Armesto Cuatro figuras marrazki-seriea lantzen hasi zen, oreka bilatuz. Bertan lau giza silueta agertzen dira, hainbat modutan kokatuta, konposizioan elkar orekatzen saiatuz, ebatzi beharreko ariketa balitz bezala, baina arrakastarik gabe.
Marrazkiek, dokumentuek eta kontakizunak osatzen dute Zas Kulturreko erakusketa. Memoriaren gainean eraikitako erakusketa da. Zoramena eta zuhurtasuna bereizten dituen lerro txikiaz hitz egiten digu, eta arteak beste esparru batzuetatik onartzen ez duguna eta ulertzen ez duguna onartzera, agian ulertzera, eramateko duen gaitasunaz.

Gerardo Armesto (Gasteiz, 1949) Arkitektura ikasten hasi zen gaztetan, baina laster utzi zuen Arte Ederrengatik. 1981etik duela urte batzuk irakasle gisa erretiratu zen arte, Gasteizko Los Herrán Institutuko marrazketa-katedra partekatu zuen. Lan hori beti uztartu du ikus-entzunezko eta plastikako praktikarekin.
Laurogeiko hamarkadan eta laurogeita hamarrekoaren hasieran, Armestoren lana ikus-entzunezko prozesuen azterketan zentratu zen. Hala ere, lehen obrak piktorikoak dira, ia beti egitura geometriko baten mende daudenak, eta sarritan bi dimentsioko planotik ihes egiten dute objektu eskultoriko bihurtzeko.
Artista bisual gisa ibilbide zabala du, eta haren lana bakarkako nahiz taldeko erakusketetan eta hainbat beka eta saritan islatu da. Gizakiaren pertzepzioari buruzko garapen teoriko eta analitikoen inguruko lanak artistaren ibilbidean behin eta berriro agertzen diren gai nagusietako bat dira.

← Entrada anterior
Siguiente entrada →