«Residencias Irudika 2023» – Mesa redonda

«Irudika Egoitzak 2023» – Mahai-ingurua

Irudikak 2023ko Egoitzetako proiektuak aurkezten ditu Dani Scharf eta Blanca A. Izuzquizarekin

2023ko otsailaren 28an, asteartea, 19:00etan

Zas Kulturren (San Anton plaza 2, Gasteiz)

Irudikak 2023ko jarduera-agendari hasiera ematen dio, artistei laguntzeko Irudika Egoitzak programako proiektuak aurkeztuz. Datorren otsailaren 28an, asteartea, 19:00etan, Gasteizko ZAS Kultur Espazioan egingo den topaketan, hautatutako bi artistek egonaldi artistikoan garatuko dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte. Topaketa zuzenean emango da Irudikaren sareetatik.

Dani Scharfek eta Blanca A. Izuzquizak Irudika Egoitzen dibulgatzaile eta koordinatzaile Kike Infamek gidatutako solasaldi ireki batean parte hartuko dute. Bertan ezagutuko dugu biek bi hilabete eta erdiz La Cité internationale de la bande dessinée et de l’image, Zapopango Casa del Autor eta Bilbaoarte Fundazioaren artean garatuko duten lana. Denbora horretan, artista bakoitzak proiektu pertsonal bat garatuko du, eta Irudika 2023ren irudia izango den ilustrazioa eta azokaren sustapen-klipa izango den animazioa sortuko dituzte. Egoitzak Gasteizko erakusketa batekin amaituko dira, proiektu horien garapena erakusteko.

Deialdi honen berrikuntza nagusia Guadalajara (Mexiko) bi hautatuek lan egingo duten tokietako bat izatea da, Unescok Mexikoko hiria 2022ko Liburuaren Munduko Hiriburu izendatu duelako. Lankidetza hau Euskal Irudigileak, FIL Guadalajara eta Impronta Casa Editora, Zapopango Arte Museoa edo Petra Ediciones bezalako tokiko kultur proiektuen arteko elkarlan-ibilbide luzetik ere sortu da. Zapopango Casa del Autor ere batu da, egileak bere instalazioetan hartuz: Latinoamerikan espazio bakarra da, Angulemako Maison des Auteurs-ekin senidetua.

Laguntza-programak hautatutako bi artistei bi hilabete eta erdiko egonaldia ahalbidetuko die, martxoaren 1etik maiatzaren 12ra, Frantziako Angulemako eta Mexikoko Zapopango sorkuntza-espazioetan, eta azken fase bat Bilbon. Bertan azken piezak ekoitzi ahal izango dituzte, sorkuntza-tailerretara sarbidea izanik: grabatua, medialab, eskultura eta abar. Irudika Egoitzak maiatzean amaituko dira, proiektu osoaren erakusketarekin Gasteizen.

Deialdiak Acción Cultural Españolaren (AC/E) eta Vital Fundazioaren laguntza du, eta honako hauen lankidetza: BilbaoArte Fundazioa, Frantziako Angulemako Cité Internationale de la Bande Dessinée et de l’Image, Guadalajarako Gobernua – Guadalajara Liburuaren Munduko Hiriburua – Cultura Guadalajara (Mexiko) eta Zapopango Casa del Autor (Mexiko). Irudika Euskal Irudigileak Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak antolatutako programa da.

Irudika Egoitzak 2023 programaren egutegiak lau fase ditu:

1. FASEA, martxoaren 1etik 31ra. Angulema – Maison des Auteurs: grafika/kartela sortzeko prozesua eta proiektu pertsonalen garapena.

2. FASEA, apirilaren 1etik 30era. Guadalajara eta Zapopan (Mexiko) – Casa del Autor: azken obra garatzeko eta ekoizteko prozesua.

3. FASEA, BILBO – maiatzaren 1etik 12ra – Bilbaoarte Fundazioa: instalaziorako eta erakusketarako piezak eta azken arteak ekoiztea.

4. FASEA, maiatzaren 13a – Gasteizko erakusketaren inaugurazioa.

Dani Scharf (Montevideo, 1980). Txikitan, Danik ez zuen futbolaria edo astronauta izan nahi: asko marrazten zuen, eta handitan ere hori bera egitearekin amesten zuen. Uruguayko ORT Unibertsitatean Diseinu Grafikoan graduatu zen, eta 12 urte baino gehiago eman zituen publizitatearen munduan, estatuko eta nazioarteko agentzia ezagunetako arte-zuzendari izatera iritsiz. Han ikasi zuen ideia bat kontzeptualizatzeak duen funtsezko balioa. Ilustrazioak formatuetatik harago komunikatzeko duen ahalmenean sinesten du; horregatik, bere ilustrazioak karteletan, liburuetan eta koadroetan ere gauzatu dira. Bere obrak Argentinan, Txinan, Espainian, Japonian, Italian, Mexikon, Perun, Portugalen, AEBetan eta Uruguayn erakutsi dira. Lürzer’s Archive aldizkari ospetsuak munduko 200 ilustratzaile onenen artean hautatu zuen hiru aldiz jarraian. 2018an Bologna Children’s Book Fair azokako erakusketa ofizialerako aukeratu zuten; hurrengo urtean, Shanghai International Children’s Book Fair azokako Golden Pinwheel-erako ere bai; eta 2020an Txinako Chen Bochui International Children’s Literature Award sariaren hirugarren saria irabazi zuen.

Blanca A. Izuzquiza (Madril, 1996). Arte Ederretan graduatua, ilustrazio-proiektuetan eta animazioaren industrian esperientzia du: cut-out eta 3D animatzaile, tarteko marrazkien egile eta hondoen kolorista gisa. Dinamikoa eta sortzailea, talde-lanaz gozatzen du, eta esperientzia zabala du azoketan eta erakusketetan.

← Entrada anterior
Siguiente entrada →