
«Acciones para (re-)conocer», Francisco Javier Larreinarena
Acciones para (re-)conocer argitalpenaren aurkezpena, Francisco Javier Larreina
2025eko irailaren 25ean, osteguna, 19:00etan, Zas Kultur-ek artistak egindako argitalpena aurkeztuko du: Francisco Javier Larreina.
Argitalpen hau egoitzak/residencias lehen deialdiaren harira editatu da, Artium Museoa-rekin elkarlanean antolatutako programa, Arabako jaioterria duten edo bertan bizi diren artista berriei zuzendua. Larreina hautatua izan zen “(DES-)” izeneko proiektuarekin, bi erakundeetako ordezkariek osatutako epaimahaiak proposamenaren sendotasuna eta garatzeko aukerak baloratu baitzituen. Javierrek bere lana Artium-en garatu zuen uztaila eta abuztuan zehar.
Testuinguru honetan, “Acciones para (re-)conocer” argitalpenak prozesuko materialak eta gogoetak biltzen ditu, eta arreta erakusketa-gailuetara, muntatze eta desmuntatze denborara eta museora eramaten du —hainbat eragileren lan-gune gisa ulertuta—. “(DES-)” proiektuarekin elkarrizketan, argitalpenak aztertzen du nola baldintzatzen duten esperientzia espazioaren antolamenduak, altzariek eta protokoloek, eta nola osatzen duten publikoak hautematen duenaren parte sukalde tekniko eta erlazional horrek.
Koadernoak irakurketa xuxurlatu baten antza proposatzen du: papel cebollan inprimatua, objektu porotsu gisa funtzionatzen du, argia pasatzen uzten du, geruzak gainjartzen ditu eta irakurlea ukimenarekin eta denborarekin irakurtzera gonbidatzen du. Euskarri horrek edukia indartzen du eta “obraren” autoritatea zalantzan jartzen du, arreta gailuetara, prozeduretara eta eusten dituzten ogibideetara eramanez. Emaitza ez da “(DES-)” dokumentatzea bakarrik, bere logika luzatzea baizik: muntatzen eta desmuntatzen dena, kokatzen dena eta kanpoan geratzen dena, erakusketaren atzealdea ikusaraziz. “Problemas de acceso” eranskina eta entsegua zeharkatzen duten oharrak keinu hori indartzen dute: prozesuak eta testuinguruak irekitzea, objektu itxietatik haratago, estudioa, aretoa eta lan teknikoak arreta-plano berean konektatuz.
Francisco Javier Larreina (Vitoria-Gasteiz, 1999) arteetan graduatua da (EHU/UPV) eta ekoizpen artistikoko masterra egin du (EHU). Bere praktikan eskulturari “posizio” gisa heltzen dio, publikoaren aurretik eta ondoren gertatzen denarekiko interesa agertuz: desmuntatze-erregistroak, espazioan esku-hartzeak eta lan teknikoekin harremanetan jartzen duten ariketak, normalean aretoan agerian jartzen ez direnak. JAI’24 programan parte hartu du eta hainbat hiritan aurkeztu du bere lana.
Jarduera hau sarrera librekoa da, edukiera bete arte, eta Zas Kultur-ek antolatua da, Artium Museoaren lankidetzarekin.

You must be logged in to post a comment.