Irudikaren aurkezpena

Irudikak 2026ko Egonaldiak aurkeztuko ditu Zas Kultur-en zazpigarren urtez jarraian

Ilustrazioaren nazioarteko azoka profesionala den Irudikak 2026ko jardueren agenda abiatuko du Irudika Egonaldiak programaren aurkezpen publikoarekin, eta zazpigarren urtez jarraian Zas Kultur Espazioan egingo da aurkezpena, Gasteizen. Hitzordua martxoaren 2an, astelehena, izango da 19:00etan, San Anton plazan 2 zenbakian, eta espazio hori berriz ere programaren abiapuntu bihurtuko da, hamargarren urteurrenaren testuinguruan.

Aurtengo edizioan hautatutako artistak Varya Yakovleva dira, Frantzian bizi den ilustratzaile errusiarra, eta Rocío Álvarez artista bisual valentziarra. Biak Kike Infame dibulgatzaile eta Irudika Egonaldien koordinatzaileak gidatutako solasaldi irekian parte hartuko dute, eta martxoaren 3tik maiatzaren 22ra bitartean, bi hilabete eta erdiz, nazioarteko zentroetan garatuko dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte.

Egonaldietan zehar, bi artistek Irudika 2026ren irudi ofiziala izango den ilustrazioa eta azokaren promozio klipa izango den animazioa sortuko dituzte. Aldi berean, bakoitzak bere proiektu pertsonala landuko du: Diary of an alien, Yakovlevaren kasuan, eta Me resbala, Álvarezen kasuan.

Epaimahaiak Diary of an alien hautatu zuen bere izaera intimo eta emozionalagatik, eta helduentzako ilustrazio liburu baten bidez erbestea eta sexu-esperientzien bidezko integrazio saiakerak jorratzen dituelako. Me resbala proiektua, berriz, teknika analogiko eta digitalen arteko uztarketagatik aukeratu zen, animazioen bidez munduko desorekek eta gure kontraesanek sortzen dituzten erreakzioak aztertzen dituelako.

Egonaldien garapena hiru sorkuntza zentrotan egingo da: La Maison des Auteurs, Angoulême-ko La Cité internationale de la bande dessinée et de l’image erakundearen barruan (Frantzia); Zapopan-Guadalajarako Casa del Autor (Mexiko); eta Fundación Bilbaoarte Fundazioa, Euskadin. Prozesua eguneroko formatuan jarraitu ahal izango da irudika.eus webgunean, eta maiatzaren 22an Gasteizen inauguratuko den erakusketa batekin amaituko da, Fundación Vital Fundazioaren laguntzarekin.

Egutegia lau fasetan antolatuta dago. Martxoaren 2ko aurkezpen publikoak emango dio hasiera ofiziala programari Gasteizen. Martxoaren 3tik apirilaren 3ra, Angoulême-n lan egingo dute kartelaren diseinu grafikoa eta animazioaren cortinilla sortzen, baita beren proiektu pertsonalak garatzen ere. Apirilaren 3tik maiatzaren 3ra, Zapopanera joango dira, ekoizpen editorialerako espazio eta estudio hornituekin. Maiatzaren 3tik 22ra, azken ekoizpena Bilbaoarten egingo da, grabatu, medialab eta eskultura tailerrak erabiliz, besteak beste. Gasteizko inaugurazioarekin itxiko da programa.

Deialdiak Acción Cultural Española (AC/E) eta Fundación Vital Fundazioaren babesa du, eta lankidetza sarean daude Fundación Bilbaoarte Fundazioa, Angoulême-ko La Maison des Auteurs eta Zapopaneko Casa del Autor, baita Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Espainiako Kultura Ministerioa eta Eusko Jaurlaritza ere. Irudika programa Euskal Irudigileak, Euskal Herriko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak, antolatzen du.

Hamargarren urteurrenean, Irudikak nazioarteko proiekzioa eta sektorearen profesionalizazioa indartzen jarraitzen du. Hamarkada honetan 3.800 ilustratzaile bildu ditu, 150 hitzaldi inguru antolatu ditu 350 profesional, agente eta editorial baino gehiagorekin, eta 2.000 hitzordu profesional inguru sustatu ditu, 30 herrialde baino gehiagorekin sareak ehunduz.

Irudikaren hamargarren edizioa urriaren 22tik 24ra egingo da Artium Museoa-n, Gasteizen.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:
www.irudika.eus
media@irudika.eus
658 70 31 51 (Guillermo Royo)

← Aurreko sarrera
Hurrengo sarrera →