Deialdia: Artium Museoa – Zas Kultur egoitzak 2026

EGOITZAK /

RESIDENCIAS

Artistentzako egoitza deialdia, 2026

Artium Museoa / Zas Kultur

Arte-egoitza deialdia

Artium Museoa – Zas Kultur 2026

Artium Museoak eta Zas Kulturrek Arabako lurraldearekin lotura duten artista berriei zuzendutako bi egoitzatarako deialdia ireki dute, arte-sorkuntza garaikidea sustatzeko helburuarekin.

Deialdiak udan egingo diren bi egoitza hartzen ditu, eta eskaera egiteko epe bakarra duen dei bakar baten bidez kudeatuko da. Bertan, bi proposamen hautatuko dira. Egonaldiak Artium Museoan egingo dira eta Zas Kulturren laguntza izango dute. Bi proposamenak batera ebatziko dira.

Deialdi honek testuinguruko profesionalei beren proposamenak ekoizteko eta ikusarazteko espazio bat emateko borondateari erantzuten dio.

________________________________________

Nori zuzenduta dago?

Praktika garaikideekin lotutako diziplina orotako artista hasi berriak aurkez daitezke deialdi honetara, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

•             Arabako lurralde historikoan jaio izana, bertan bizitzea edo lurralde horrekin lotutako proiektu bat garatzea. 

•             Proposamen original eta argitaragabe bat izatea, egoitzaren markoan garatzeko modukoa.

•             Deialdian ezarritako epean proiektua garatzeko aukera izatea.

•             Kolektiboek eta taldeek ere parte har dezakete, taldekide orok aurreko baldintza guztiak betetzen baditu, betiere.

Zer eskaintzen da?

Egoitzak eskaintzen duen lan-eremuan, laguntza, baliabide teknikoak eta ikusgaitasuna uztartzen dira.

•             Ordainsaria: 1.500 €, gordin.

•             Ekoizpenerako eta dietetarako laguntza: 500 €.

•             Artium Museoko lan-espazio baterako sarbidea, bai eta museoaren eta Zas Kulturren teknikarien laguntza ere, proiektuaren behar espezifikoen arabera.

•             Proiektuaren aurkezpen publikoa, data garrantzitsuak atalean adierazitako egunetan.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

Deialdian parte hartu nahi dutenek honako dokumentazio hau bidali behar dute, PDF artxibo bakarrean jasota:

•             Biografia laburra (gehienez 1.000 karaktere, zuriuneekin).

•             Aurreko lanen txostena (gehienez 10 orrialde).

•             Egonaldian garatuko den proiektuaren proposamena eta haren aurkezpen publikoaren planteamendua (gehienez 2.000 karaktere, zuriuneekin).

•             Gutxi gorabeherako lan-egutegia.

•             Eskatzailea Araban jaio dela edo bertan bizi dela egiaztatzen duen agiria.

•             NANaren edo identifikazio-dokumentuaren kopia.

Aukeraketa-irizpideak

•             Proiektuaren kalitatea eta berritasuna: gehienez 10 puntu.

•             Proposamenaren bideragarritasuna: gehienez 10 puntu.

•             Arte-ibilbidea: gehienez 10 puntu.

EGOITZAK/RESIDENCIAS programa beren ibilbide artistikoa sendotzen ari diren sortzaileei zuzenduta dago.

Epaimahaia Artium Museoko teknikariek eta Zas Kulturreko profesionalek osatuko dute.

Data garrantzitsuak

Deialdiaren argitalpena: Asteazkena, 2026ko martxoaren 18an

•             Deialdiak aurkezteko epea: 2026ko martxoaren 18tik apirilaren 30era arte (biak barne)

•             Deialdiaren ebazpena: maiatzean, data zehazteke.

•             1. egonaldi artistikoa: 2-4 aste, 2026ko abuztuaren 3tik irailaren 6ra arteko tartean.

•             2. egonaldi artistikoa: 2-4 aste, 2026ko abuztuaren 31etik urriaren 4ra arteko tartean.

•             Egonaldien arteko elkarbizitza posible bat aurreikusten da (abuztuaren 31tik irailaren 6ra) artisten arteko erreleboa errazteko, horrek nahitaezko lankidetza ekarri gabe.

•             Emaitzaren aurkezpen publikoa: urrian, data zehazteke.

•             Egoitza bakoitzaren behin betiko egutegia erakundearekin adostuko da, adierazitako tarteen barruan.

•             Aurkezpen publikoaren formatua Artium Museoko eta Zas Kultur taldeko kideekin zehaztuko da

Proiektuaren aurkezpen publikoa egin eta gehienez 30 eguneko epean, proiektuaren azken memoria aurkeztuko da. Deialdiaren ebazpena honako bide hauetatik jakinaraziko da: Artium Museoaren eta Zas Kulturren webguneetan, sare sozialetan edo proiektua aurkezteko erabilitako mezu elektronikoei erantzunez.

Proposamena aukeratu ostean, artista egoiliarrak eta antolakuntzak elkarrekin finkatuko dute egonaldiaren garapenaren behin betiko egutegia. Proiektua ikusgai jartzeko modua, berriz, Artium Museoko eta Zas Kulturreko ordezkariekin finkatuko da, formatuaren harira ados jarrita.

Nola bidali eskaerak

Eskaerak posta elektronikoz bidali behar dira, deialdiak@artium.eus / espaciozas@gmail.com helbideetara, gaian hau jarrita: “Artium-Museoa-Zas Kultur egoitza-deialdia 2026”.

Dokumentu guztiak PDF fitxategi bakar batean bildu behar dira.

Artium Museoak eta Zas Kulturrek egoiliarraren eskura jarriko dituzte beren ohiko komunikazio-kanalak (sare sozialak, komunikabideak, webgunea), proiektua eta aurkezpena zabaltzeko helburuz.

Egile-eskubideak eta proiektuaren zabalkundea

Deialdi honen baitan garatzen diren proiektuen egile-eskubideak proiektuaren sortzailearen edo sortzaileen jabetzakoak izango dira une oro. Hala eta guztiz ere, Artium Museoak eta Zas Kulturrek beretzat gordetzen dute prozesuko irudiak, horri buruzko informazioa eta dokumentazioa erabiltzeko eskubidea, betiere komunikaziorako, artxiborako edo zabalkunde instituzionalerako; egilea nor den aipatuko da beti, eta artista edo kolektibo egoiliarrarekin adostu diren erabilerak gordeko dira.

Adostu denaz aparteko erabilerarik egin nahi bada, proiektuaren eskubideen jabe den pertsonaren edo kolektiboaren berariazko baimena jaso beharko da.

Oinarriak onartzea

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar honako oinarri hauek bete-betean onartzea, bai eta antolakuntzak prozesua egoki kudeatzeko hartzen dituen erabakiak onartzea ere. Oinarri hauetan aurreikusten ez den alderdi oro antolakuntza-taldeak ebatziko du.

Galderarik izanez gero, idatzi goian aipatutako helbide elektronikoetara.

← Aurreko sarrera
Hurrengo sarrera →