[H]amar inguruan. Soinu-instalazio bat

HITZALDIA LUR MERINO ETA RAÚL LOMASEKIN

Urriaren 27an, osteguna, 19:30ean

Lekua: Zas Kultur (San Anton plaza 2, Gasteiz)

[H]amar inguruan. Soinu-instalazio bat

Ostegun honetan, urriaren 27an, arratsaldeko zazpi eta erdietan, Lur Merino eta Raúl Lomasekin topaketa izango da, soinu-artearen inguruan. Izan ere, haien lanik berriena, [H]AMAR, soinua protagonista duen instalazioa, Zas Kulturren erakusketa-kubikuluetako batean dago une honetan, espaziorako berariaz egokituta. Giro bereziko lan hau duela hilabete gutxi Vital Fundazioaren erakusketa-aretoan entzun ahal izan zen, ikusi baino gehiago, Arte Vital lehiaketan hautatutako beste pieza batzuekin batera. Lehiaketa horren historian saritutako lehen soinu-obra da.

Raúl Lomasek musikaria dela dio bere buruaz; Doctor Deseo euskal musika-talde ezagunaren egungo teklatu-jotzailea da. Hala ere, bere ibilbide artistikoan soinua eta irudia uztartzen dituzten ikus-entzunezko lanak egin ditu, eta topaketa honetan haiei buruz hitz egingo digu. Esaterako, «Morfología de la fragilidad» (2011), sinkronizatutako bi kanaleko bideo-proiekzioa: kristalezko kopekin eta urarekin soinu-konposizio bat egiten du, haustear dagoen unibertso sinestesiko batera eramanez. Lan horrek gero beste artista batzuekin egindako lankidetzei eman zien bidea: «Morfología de la fragilidad. Sinergias» (2011-2012). «La Huida» (2012) lanean, sinkronizatutako bi kanaleko eta audio estereoko bideo-proiekzioaren beste adibide bat ikus dezakegu. Kasu horretan, soinua bat-batean erabateko iluntasunean geratzen diren ikusizko zatiekin uztartzen da, ikuslea erabat entzule gisa esnatzeko prestatuz. Gainera, artistak soinuaren eta ikusizkoaren aldakortasunarekin ez ezik, ekintzarekin ere esperimentatu du: Alberto Lomasekin batera performer gisa parte hartu zuen «Esto (no) es un homenaje» lanean, Artium Museoan, 2015ean.

Topaketa honetan Raúlek eta Lurrek [H]AMARen sorkuntza-prozesuaz hitz egingo digute, eta proiektuarekin lotutako hurrengo ekitaldien berri emango digute. Halaber, AMAR entzun ahal izango da, obraren «hustuketa» egiten duen bertsioa, haren erreberberazioak soilik erreproduzituz.

← Entrada anterior
Siguiente entrada →