Crash Cómic 2022

Crash Cómic 2022

CRASH COMIC 2022. ERAKUSKETAK, SARI-BANAKETA ETA BISITA GIDATUA

Azaroaren 10ean, osteguna, 19:30ean

Lekua: Zas Kultur (San Anton plaza 2, Gasteiz)

Azaroaren 10ean, osteguna, 19:30ean, Zasek tokiko komikiaren kulturarekin lotutako ekimen bati irekiko dizkio ateak: Crash Cómic. Atiza elkartearekin lankidetzan, Zas Kulturrek duela sei urte ateak ireki zituenetik ohikoa den bezala. Kolektibo horrek 2003an ekin zion bere ibilbideari, lehen «Crash Cómic» jaialdia antolatuz. Edizio honetan gure Udalaren, Vital Fundazioaren, Diario de Noticias de Álavaren, Arabako Foru Aldundiaren, ZAS Kultur Espazioaren eta TMEOren laguntza dago.
Komikiarekin dugun urteroko hitzordu honek Nacho Fernándezen erakusketa —egileak berak gidatutako bisita komentatuarekin—, komiki-lehiaketako lan irabazleak eta «Fanzine Crash» argitalpenaren hurrengo ediziorako hautatutako lan batzuk biltzen ditu. Irabazleak honako hauek dira:
A modalitatean (18 eta 35 urte bitartean), lehen saria Yiming Zhaorentzat izan da (28 urte), bigarrena Ada Hernáezentzat (24 urte) eta hirugarrena Olatz Fernández de Aguirrerentzat (25 urte). B modalitatean (12 eta 17 urte bitartean), irabazlea Iratxe Arrilucea izan da (16 urte), bigarren saria Nerea Arizmendik jaso du (13 urte) eta hirugarrena Izei Gallasteguik (12 urte).
Ostegunean «Lee cómic» kartela eta postala ere aurkeztuko dira, Lykos komikigile gasteiztarrak egindako material grafikoa. Komikiaren giroari pultsua hartzeko menu oparoa, Angoulemerekin —komikiaren munduko hiriburuarekin— senidetuta dagoen eta bere garaian «Gasteiz, komikiaren hiria» izendatu zuten hiri honetan. Izan ere, hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieratik komikiaren inguruko jarduera bizi eta zabala garatu duten profesional ugariren egoitza izan da. Zas Kulturretik errealitate hori berriro mahai gainean jarri nahi dugu.
Nacho Fernandez González (Bilbo, 1973) komiki-marrazkilaria eta gidoilaria da, eta bere lanaren zati handi bat Gasteizen garatu du.
Orain arte Planeta, Norma, Panini, Grafito, Dolmen eta Letrablanka argitaletxeentzat lan egin du, baita desagertutako beste batzuentzat ere: Camaleón, Dude, EDT edo Inu-Kame. Bere lanak Espainian, Frantzian eta Argentinan argitaratu dira.
Gasteizen institutuko bi lagunekin fanzineak argitaratzen hasi zuen bere jarduera. Garai hartatik komiki bat sortu zen, orduko animazio-serierik ezagunenaren parodia, mangaren lehen BOOMa abiatu zuen Dragon Ballena. Dragon Fall zuen izena, eta adin guztietako jarraitzaile ugari erakarri zituen. Hasierako lan horretan —hala ere, gogoratuena—, bere obran behin eta berriz agertzen diren elementuak azaltzen dira jada: umorearekiko, fantasiarekiko eta zientzia-fikzioarekiko zaletasuna, generoaren, zinemaren, telebistaren eta komikiaren klasiko handiei etengabeko omenaldiekin.
Duela gutxi bildumazaleentzako formatuan berrargitaratu da. Gaur egun autoedizioko proiektuak lantzen ditu. Bere abentura berriak Wargasmer du izena: umorezko eta fantasiazko webkomiki bat, astero bere Patreon kontuan argitaratzen dena. Pop kulturari eta bildumazaletasunari buruzko liburu bat idazten ere hasi da. Duela pare bat urtetik Esteponan bizi da eta handik egiten du lan.

← Entrada anterior
Siguiente entrada →