
Pablo Stoneden «¿Vas a hacer cartel?» erakusketa
Pablo Stoneden «¿Vas a hacer cartel?»
2023ko martxoaren 23an, osteguna, 19:30ean
Zas Kulturren (San Anton plaza 2, Gasteiz)
Beste behin ere, zirkuitu ofizialetatik urrun dauden eta herri-kulturarekin edo arte aplikatuekin lotura handiagoa duten proposamen artistikoei lekua egiteko asmoz, Zas Kulturrek Pablo Stonedek egindako musika-kartelak, disko-azalak eta bestelako lanak biltzen dituen erakusketa hartzen du.
Kultura eta artea ez baitira museoetan eta kultur zentroetan soilik gertatzen: beste leku batzuetan ere aurki daitezke, tabernetan esaterako. Topatzeko eta aisialdirako toki horiek merezitako lekua egin dute gizarteen historian, antzinako Greziaren garaietatik. Leku atseginak dira, gure antzekoekin harremanak izateko asmo lausoarekin joateko pentsatuak, edari bat partekatuz eta grabatuta nahiz zuzenean eskaintzen diguten musikak babestuta. Tabernetan tokiko taldeen kontzertuak nahiz Disk jockeyen saio heterogeneoak elkartzen dira; azken horiek beren musika-«koktelak» nahasi eta zerbitzatzen dizkiote publikoari. Proposamen horiek guztiek, ordea, ikusizko bilgarri bat behar dute zabaltzeko. Hor sartzen da diseinatzaile grafikoen lana. Diseinatzaile horiek askotan tabernetako jabeen edo musikarien gizarte-zirkulukoak dira. Edo, zergatik ez, diseinuaren artea ostalaritzarekin eta musikarekin uztartzen dute. Stoneden kasuan bezala.
Iban Arroniz artistak eta Pabloren lagunak idatzi duenez:
«Azpikulturarekiko jakin-minez mozkortuta, Pablo Díaz (Gasteiz, 1974) mahai-jokoen egilea, musika-hautatzailea, aforismoen sortzaile paregabea, artista grafikoa, diseinatzailea eta kantaria ere izan da. Bere nortasunean Berpizkundeko rockero moduko bat biltzen du, handi guztiek bezala ertz asko eskaintzen dituena.
Kultur eragile gisa, Abuelo taberna mitikoaren kudeaketa nabarmentzen da, tokiko artearen eta musikaren topagune eta esentzien ontzi izan denarena. Bezeroen eskura dauden «Pon lo que quieras» koaderno ospetsuak horren lekuko dira. Haien bilduma grafikoan Pabloren obraren zati bat ikus daiteke, eta erakusketa honetan gehien dagokiguna.
Haren kartelgintzak erregistro grafiko anitzak biltzen ditu: komiki undergrounda, 50eko hamarkadako E.C.ren azalak, zientzia-fikzioa, rockabilly LPen azalak edo lettering gotikoa, kaligrama mehatxagarriraino eta orla tenebristaraino. Haren gai eklektikoek konposizio kromatiko askotarikoak ere uztartzen dituzte: kolore-kontraste bortitzetik vintage sepiara.
Haren trazua hain da originala, Gary Grimshawren eta Jamie Hewlett psikotiko baten arteko zeharkaldi lisergiko gisa baino ezin baita definitu. Gure begiari dei egiten dio, kontzertu baten berri emateko nahiz ekitaldi konspiranoiko bat iragartzeko. Ironia, hedonismoa, beldurra edo kriptografia dira beste lokal horretako, bere sormen-unibertsoko, ohiko bezeroak. Hain «herrikoia» ez den kultura baten estetika eta ikonografia berezian, memez jositako mundu desorientatu batean argitasuna duen norbaiten keinu itsua antzematen dugu».
Prentsan
Diario de Noticias de Álava, 2023ko martxoaren 24a.

You must be logged in to post a comment.