Joaquín Lararen «Territorio desconocido» erakusketa

Joaquín Lararen «Territorio desconocido» erakusketa

TERRITORIO DESCONOCIDO #2

Daniel Castillejo, 2023

Pintura, paisaiaren jarioan «une» bat erreskatatzera. Beste oreka bat berreskuratzeko borrokan ari den ingurune baten etengabeko eraldaketan zentzu bat erregistratzea. Behin-behinekoa; arbitrarioa; ausazkoa erreferente gisa.
Marcel Mariënen esaldi hura datorkit gogora: «sorkuntzaren aurretik Jainkoa ez zen existitzen». Obra inguratzen duena kontingentea, zatikatua, iragankorra, «massa confusa», kaosa da. Praktika artistikoak, beste edozein bitartekok bezala, aurkikuntzatik sortzen den sinergiaren bidez, funtsezkoa antzematen laguntzen dio egileari. Obra mikrokosmos bat da, non egileak «anima mundi» hori, errealitatearen itxura kaotikoaren atzean dagoen harmonia hori, argitzeko irtenbideak probatzen dituen.

Artista hierarkiarik gabeko proiektu baten aurrean, etengabeko talkan, bitartekoa eta mezua kolapsatuz elkar oztopatzen duten teknika nahasien artean. Etapak entropia bizkorrean gainjartzen dira, esanahi-hondarrak noraezean dabiltza, elkartu eta metamorfosiz aldatu nahian. Artistak, harrituta, keinu bat egiten du eta bere burua esku hartzen ikusten du. Gertakariak sortzen hasitako ordena itzaltzen du; oso laster, isilean, beste ordena bat, konplexuagoa baina jada sasikoa, legitimaziorik gabea, objektuari heltzen zaio. Estetikoki bideragarria izango ote da? Naufragioa berehalakoa da, obra hutsaltasunean hondoratzen da.

Disonantziak, kontraesan nabarmenak, zuzenketak: amorfoa pausoz pauso sendotzen da. Agian, Adornok dioen bezala, artearen zereginetako bat artikulatu gabea eta hasiberria, zentzugabea eta arbitrarioa adieraztea da, artikulatuaren eta eratuaren ikuspegitik, arrazionalizatu eta sozializatu gabe. Harentzat, «artearen zeregina» ez da forma artikulatu bat sortzea, amorfoa eta artikulatu gabea berrasmatzea baizik. Kolektiboki eratutako hori desitxuratuz edo deskonposatuz forma ezara zuzenean iristeko, edo amorfoa zuzenean argitara emateko borondate artistikoaren indarra edukiz bakarrik atzeman daiteke, abstraktuan besterik ez bada ere, batasun-itxuraren bat.

Obrara itzulita, denborak haren esanahia dekantatu du, beteak hutsari uzten dio lekua, beste ziklo bat hasten da. Artistak xuxurlaka heltzen dio koadroari; haren metodoa probatzea eta esploratzea da, lurralde ezezagun batean zuhur sartzen den norbaiten antzera.


TERRITORIO DESCONOCIDO#2

Dorleta Ortiz de Elguea, 2023

Joaquín Lararen (Bilbo, 1956) obrek beren kromatismoaren edertasun bizizalea dela eta harritzen gaituzte lehenik, eta gero eta gehiago harrapatzen gaituzte, egon nahiko genukeen toki lasai eta kezkarik gabeetara eramanez. Pixkanaka esanahi semantiko ugari bilatzen eta aurkitzen goaz, eta abstrakzioarekin mimetizatuta eguzkiak blaitutako paisaia arduragabe horietan bizi diren pertsonaiekin egiten dugu topo. Haien kromatismoa eta formak, dramatismo guztiaz gabetuta, erabat libre eta iradokitzaile flotatzen dira gainazalean. Nork ez lituzke begiak amets lasai baten ondoren ireki nahi, eta erretinak jasotako lehen irudia mundu ideal batera ematen duten leiho hauetako bat izatea?


← Entrada anterior
Siguiente entrada →