«Hiru marran» inaugurazioa

«Hiru marran» inaugurazioa

HIRU MARRAN / TRES EN RAYA ERAKUSKETA

2023/04/13tik 2023/05/13ra.

Labe Gazte Laborategia. San Vicente Paul, 21. Gasteiz

Labe Gazte Laborategiak arte gaztearen erakusketa berri bat inauguratuko du apirilaren 13an: Hiru marran. Lucía Jayo, Jesús Ramírez eta Sofía Velasco artisten obra eta prozesuen hautaketa biltzen du proiektuak, Labeko instalazioetan egindako egonaldi artistiko baten emaitza.

Artistek beraiek idatzi dutenez:

«Irudiei buruz hitz egitea, haiez gainezka gaudenean, erredundantea izan daiteke; hainbeste, non haien bidez mundua interpretatzera ohitu baikara, zergatik oso ondo jakin gabe.

Etxea, zuhaitza, eguzkia, txakurra. Magiak oso gutxi irauten du; bat-batean utzi egiten diozu sinesteari etxe guztiek teilatu gorri zorrotz bat, alboan sagarrondo bat, eguzki distiratsu bat eta lorategian txakur bat dituztela; eta egia da ez duzula inoiz ez lorategirik, ez txakurrik, ez sagarrondorik izan. Hala ere, bada zerbait aparta denok gure burua ezagutzen dugun horretan, gurea izan gabe: ez al da hori ere magia?

Elkar ezagutzen ez zuten hiru pertsona (Lucía, Jesús eta Sofía) egonaldi honetan elkartzeak, hasieratik, elkarrekin lotzen gaituena abiapuntu hartuta ulertzea planteatzen du. Haurtzaroa, familia, ezaguna dena, bereganatzea, maitasuna, misterioa, jolastea, grisa, magia eta marrazkia.

Izenburutik bertatik, jolasetik hasi ginen lanean, hutsetik; gure mugimendu bakoitza erabakigarria zen, azkenean hirurok zeharkatzen gaituen lerro bat lortzeko.

Jesúsek, adibidez, familia-albumen artxiboekin lan egiten du, eta irudi horiek ez bereak ez gureak izan arren, ezagunak egiten zaizkigu. Lucía irudi neutraletara eta erraz ezagutzekoetara hurbiltzen da (galtza batzuk, zuhaitz bat, paisaia bat), beste edozeinekin harremanak ezartzeko, antzekotasunen nahiz sor daitezkeen interpretazioen bidez. Sofíak afektua eragiten dioten eta haurtzarora eramaten duten irudiak esploratzen ditu, beste behin ere bereak ez badira ere, eta aldi berean badiren arren.

Sofíak eta Jesúsek familiaren esparruan eta haurtzaroan egiten dute bat; Sofíak eta Lucíak txikian eta hurbilean; Lucíak eta Jesúsek, grisean eta artxiboan.

Marrazkia, pentsatzeko, komunikatzeko eta ulertzeko tresna gisa. Marrazten dugu probatu eta ukitu behar dugulako, dagoeneko dauden gauzak azpimarratu, beti egon direnak eta asmatu nahi ditugun guztiak. Eta bakoitzak bere kezkak, mekanismoak eta desirak izan arren, egunerokotasunean elkar aurkitzen jarraituko dugu. Eta marrazkian ere bai: ez dugu jada metala dastatu behar zer zapore duen ziur jakiteko. Orain beste modu batzuk bilatzen ditugu, eta, zorte pixka batekin, trikimailu berria asmatzen duen magoak bezala, zorrotzago begiratzera, geure buruari galdetzera, elkar ulertzera eta inguratzen gaituzten irudiak zalantzan jartzera eramango gaituzte».

Lucía Jayo Altamirano

Gasteizen jaiotako artista da, Euskal Herriko Unibertsitatean Artean graduatua (UPV/EHU, Leioa), eta urtebete egin zuen Rome University of Fine Arts-en (RUFA, Erroma). Pinturaren, marrazkiaren eta argazkilaritzaren artean garatzen du lana nagusiki. Aire zabaleko pintura eta argazkilaritzako lehiaketetan saritu dute, hala nola Kultur Leioan, 2022ko Gazte Margolarien XXIII. edizioan eta 2022ko Gazte Klik Klaken. Saenz Enea Kultur etxean eta La Terminal FICC-ZAWPen, besteak beste, talde-erakusketetan parte hartu du. Gaur egun Pinturako Unibertsitate Masterreko ikasketak amaitzen ari da (UPV/EHU). Pintura, marrazkia eta argazkilaritza irakasten ditu Bilbon eta Gasteizen.

Jesús Ramírez Otálvaro.

Calin, Kolonbian, jaioa, hiri bereko Arte Ederren Departamentuko Institutuan Arte Plastikoetako maisu gisa graduatu zen. Sorkuntza artistikoko proiektuak garatu ditu Caliko Kultura Idazkaritzaren eta Kolonbiako Kultura Ministerioaren pizgarri eta beken bidez, hainbat marrazki-proposamenekin. Bere obra Latinoamerikako Marrazki eta Grabatuaren Museo Rayoren bilduma iraunkorrean dago, 2021ean eskuratua. Bogotako (Kolonbia) ARTBO 2021 azokako Arte Cámara bezalako ekitaldietan parte hartu du; hiri horretan bertan, urte berean, IDARTES kulturarako pizgarrien barrutiko programaren Residencia en bloque egin zuen. Gaur egun Gasteizen bizi eta lan egiten du.

Sofía Velasco Cárdenas

Sofía Euskal Herriko Unibertsitatean Artean graduatua da (UPV/EHU, Leioa), eta Ikerketa eta Sorkuntza Artistikoko masterra ere egin du (2022). Diziplina anitzeko artista da, nahiz eta bere obrak teknika bati gehiago erreparatzen dion diziplina jakin batean lan egiteari baino. Bere lanean samurtasuna eta egitean sentitzen duen dibertsioa nagusitzen dira batez ere. Haziak-ek saritutako «Galdu Gordean» bezalako proiektuetan parte hartu du, baita «Final Fantasy» proiektuko talde-erakusketetan, «FINAL BOOK» liburu/katalogoaren garapenean eta hari lotutako Bilboko «AIRE» galeriako talde-erakusketan ere.


← Entrada anterior
Siguiente entrada →