
«Bitxikerien Kabinetea #2»
«CUARTO DE MARAVILLAS #2 / BITXIKERIEN KABINETEA #2» ERAKUSKETA
2023ko maiatzaren 20an, osteguna, 19:30ean
Zas Kulturren (San Anton plaza 2, Gasteiz)
Apirilaren 20an, osteguna, 19:30ean, Koko Rico, Anabel Quincoces, Gustavo Almarcha eta Ana Redondo artistek «Bitxikerien Kabinetea #2» inauguratuko dute Zas Kulturren.
Proiektu honen helburua artearen erosketa demokratizatzea da, Gasteizko herritarrei hurbileko artisten kalitatezko obrak prezio eskuragarrietan erosteko aukera eskainiz. Duela hilabete batzuk espazio berean inauguratutako eta «Zasen egoiliar» den beste ekimen baten bideari jarraitzen dio: La boutique. Oraingoan, ordea, aurkeztutako obrak diseinuaren, artisautzaren eta artearen artean daude, eta aipatutako kultur espazioko geletako batean egongo dira eskuragarri 2023 osoan.
«Bitxikerien Kabinetea»k Europan XVII. eta XVIII. mendeetan oso ezagunak ziren gela edo espazio haiek gogorarazi nahi dizkigu, lehen bildumazaleek beren bilduma pertsonalak erakutsi eta beste pertsona batzuekin partekatzeko erabiltzen zituztenak. Haietan objektu bitxiak, interesgarriak edo artistikoak erakusten ziren. Orain, «Bitxikerien Kabinetea»rekin, gure inguruko lau artistak formatu txikiko hainbat obra erakusten dituzte Zas Kulturreko «geletako» batean, horretarako prestatutako bitrinetan.
«Bitxikerien Kabinetea»k artisautzaren, diseinuaren eta artearen arteko muga historikoei ere erreparatu nahi die, haiek lausotzearen alde eginez. Ez baitira elkar baztertzen duten praktikak. Gogora dezagun artelan askok artisautzako elementuak dituztela, eta artisautzako pieza asko berez artelantzat har daitezkeela. Artisautza, diseinua eta artea kategoria bereizi gisa ikusi beharrean, artearen ikuspegitik interesgarria eta emankorra izan daiteke praktika artistikoen sorta zabalago bateko hiru espektro gisa begiratzea, arte garaikidearen eta publiko orokorraren arteko distantzia txikitzeko baliagarri izan daitezkeenak.

You must be logged in to post a comment.