
«OPEN ZAS» – Ate irekiak
Zas Kulturrek ateak irekitzen ditu «OPEN ZAS» ekimenarekin.
Apirilaren 27an, osteguna, 19:30etik 21:00etara
Zas Kulturren (San Anton plaza 2, Gasteiz)
Zas Kulturrek fisikoki eta sinbolikoki irekitzen ditu ateak —oso «tokikoa» den jaiegun baten bezperan: San Prudentzio—, publikoari, auzokideei eta lagunei egun Zasen dauden «hormako eta zoruko» bost ikusizko ekimenak erakusteko. Proiektu heterogeneo horiek gauzatu dituzten artistak berak —guztiak «tokikoak», Gasteizkoak— arduratuko dira haiek azaltzeaz eta, nolabait, berraktibatzeaz, guztiak erakusketaldiko erdibidean dauden une honetan.
Lehenik, Fernando Iglesiasek Zasen egoitzako erakusleihoan egin duen esku-hartzea komentatuko du. Pixies and friends izenburupean erakusten duen lanak —egunez eta gauez auzokideak eta paseatzaileak agurtzen dituenak— herri-kulturaren erreferentzia ugari ditu: museoetatik kanpo bizi den, kaleetara zabaltzen den edo komunikabideen bidez etxeetan sartzen den kultura horrenak. Erakusleihoan ikusgai dauden obrek «pop» instalazio bat osatzen dute, eta Pixies talde historikoaren abestien izenburuak hartzen dituzte; 80ko hamarkadaren amaierako rock alternatiboko talde eraginkorrenetako bat da. «La la love you», «Dead» eta «Human Crime» ikusizko gai bihurtzen dira orain, erakusleihoarekin bat eginez. Zaila da jakitea non dagoen obraren, erakusleihoaren eta hiru dimentsioko collage hau begiratuko duten oinezkoen arteko muga. Pixies and friend maiatzaren erdialdera arte ikus daiteke.
Zasen ateak zeharkatuta, Joaquín Lararen margolan eta eskulturekin egiten dugu topo. Haren Territorio desconocido erakusketak pintura amorratuaren usaina du. Artistak, beste behin, hierarkiarik gabeko proiektu bati heldu dio, etengabeko talkan dagoenari: elkar oztopatzen duten tekniken nahasketa, bitartekoa eta mezua kolapsatuz. Bere lanaren etapa desberdinak desordena bizkorrean gainjartzen dira; esanahi-hondarrak noraezean dabiltza, elkartu eta metamorfosiz aldatu nahian. Artistak, harrituta, keinu bat egiten du eta bere burua esku hartzen ikusten du. Erakusketa datorren hilabetearen amaierara arte bisita daiteke.
Zasen bigarren erakusketa-aretoan, ohiko «arte garaikidearekin» lotura txikiagoa duten proposamenei lekua egiten dien horretan, Pablo Stonedek ¿Vas a hacer cartel? aurkezten du. Artearen zirkuitu ofizialetatik urrun dagoen proposamena da, «underground» izaerakoa eta herri-kulturarekin edo arte aplikatuekin lotura handiagoa duena. Iban Arroniz artistak eta Pabloren lagunak idatzi duenez: «Haren kartelgintzak erregistro grafiko anitzak biltzen ditu: komiki undergrounda, 50eko hamarkadako E.C.ren azalak, zientzia-fikzioa, rockabilly LPen azalak edo lettering gotikoa, kaligrama mehatxagarriraino eta orla tenebristaraino. Haren gai eklektikoek konposizio kromatiko askotarikoak ere uztartzen dituzte: kolore-kontraste bortitzetik vintage sepiara». Pabloren erakusketa maiatzeko hirugarren astera arte bisita daiteke.
Zas Espazioren eskuinaldean, hiru kubikuluetako erdikoa hartuta, Dorleta Ortiz de Elgueak Daniel Castillejo arte-adituak hautatutako bi margolan erakusten ditu, Cosmogonías izenburupean. Artistaren lankidetza hau Zas Kulturren La boutique proiektu «egoiliarraren» barruan antolatzen da, tokiko sortzaileen arte garaikideko lanen salmenta sustatzeko ekimenaren barruan. Zero kilometroko artisten lana ikusarazteko eta gure hirian artea saltzeko ekipamendu gutxi egoteari erantzuteko helburuarekin, La boutiquek Gasteizko herritarren artean artelanen erosketa desakralizatzen eta demokratizatzen jarraitu nahi du.
Azkenik, Ana Redondo artistak Zas Kulturren ibilbide luzeko beste proiektu batean egindako lankidetza azalduko digu: Cuarto de maravillas. Zasen beste kubikulu bat hartzen du, eta Europan XVII. eta XVIII. mendeetan oso ezagunak izan ziren gela edo espazio haiek gogorarazi nahi dizkigu, lehen bildumazaleek beren bilduma pertsonalak erakutsi eta beste pertsona batzuekin partekatzeko erabiltzen zituztenak. Haietan objektu bitxiak, interesgarriak edo artistikoak erakusten ziren. Cuarto de maravillas proiektuan, gure inguruko artistek —beti launaka eta txandaka— formatu txikiko hainbat obra erakusten dituzte Zas Kulturreko «geletako» batean, horretarako prestatutako bitrinetan, eta publikoak erosi egin ditzake. Ana Redondo da ekimenera gehitu den azken sortzailea; gaur egun Koko Rico, Anabel Quincoces eta Gustavo Almarcharekin partekatzen du espazioa.
Prentsan
Diario de Noticias de Álava, 2023ko apirilaren 26a.

You must be logged in to post a comment.